Duela 20 urte sortu zenetik UPNA-k Euskal Herriaren eta Euskal Herritarren eskubideak ukatzen dihardu, urteroko borroka eta eskaerei muzin eginez. Egunetik egunera, aldaketaren premia gero eta nabariagoa da, eredu unibertsitarioaren aldaketaren premia alegia.
Hutsune hau betetzeko asmoarekin, urte luzeetako aldarrikapena aintzat hartuta, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Nazio Eztabaida Guneak (NEG) eta Euskara Kontseiluak Euskal Unibertsitatearen sorreran lehenbiziko adreilua jarri zuten honen aldeko Sustapen Batzordea sortuz eta Euskal Unibertsiatearen sorrera 2011rako finkatuz pasaden Martxoaren 22an eginiko prentsaurrekoan azaldu zuten bezala.
Guk ere argi dugu Euskal Unibertsitatea dela alternatiba bakarra; ez Euskal Herrian kokatua egonda Espainiaren menpe dagoen unibertsitaterik, baizik eta euskara ardatz izango duen Euskal Unibertsitatea. Euskal Unibertsitatea izango da euskaraz ikasi ahal izateko benetako aukera emango diguna, euskaldunak izanik Euskal Herrian ikastea ahalbidetuko diguna, subjektu moduan tratatuko gaituena, emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna bultzatuko duena, parte hartzen utziko diguna, gure hitza aldarrikatzeko aukera emango diguna… hots, gure eskubideak bermatuko dituena.
Proiektu honen alde gaudenok gure harritxoa jarri nahi dugu bere jendarteratzean eta horregatik eguneroko aldarrikapenez gain Euskal Jaia ospatuko dugu sozializazio zabala egin asmoz.
Euskal Jaia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan urtero ospatzen den jaia dugu. Aurten ere, Maiatzaren 9an Trinitariosen burutuko da. Napartar euskaltzale, ezkertiar eta abertzaleen baterajotze hau Euskal Unibertsitatearen jendartaratzea gauzatzeko zita ezin hobea/ paregabea dugu.
Lehendabiziko Euskal Jaia 1991-92 ikasturtean burutu zen Euskal Adarrak deitua. Batik bat euskararen eta euskal kulturaren aldeko jai aldarrikatzaile hartan hitzaldi, tailer, bazkari… bidez egungo Unibertsitate espainol honen eredu jasangaitza salatu eta berau aldatu nahia erakutsi zen.
Ordutik hona, jarritako trabak gaindituz, zailtasunak zailtasun, urtero Euskal Jaia antolatu izan da. Eta ez hori bakarrik, pixkana pixkanaka guztion ahalegin, asmo on eta konpromisoarekin jaiaren dimentsioa handituz joan da.
Iazko Euskal Jaian egin genuen Euskal Unibertsitatearen aldarrikapena lehendabiziko aldiz. Egun osoko jaia antolatu genuen; eta jai giro hura aprobetxatu genuen asmo honen berri emateko, ekitaldi ikusgarri baten bitartez. Euskal Herriaren eraikuntzaren eta garapenean oinarritutako egitasmo honen jendartaratzean pausu bat eman bagenuen ere, nahikoa ez zela uste eta aurten salto bat ematera goaz!
Gure aburuz, Euskal Nazioa sortze bidean pausu oso garrantzitsua da honako ezaugarriak ardatz dituen Euskal Unibertsitatearen sorrera:
1. Euskaldunen unibertsitate eleanitza.
2. Euskararen hizkuntza-komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea.
3. Gizartearen parte-hartzearen sustatzailea, herriaren zerbitzura dagoena eta demokratikoa.
4. Euskal Herriaren eraketa soziopolitikorako lagungarria.
5. Europako unibertsitate-esparruan homologarria.
Horregatik uste dugu proiektu honen jendartaratzea ezinbestekoa dela; ziur gaudelako gure moduan Euskal herritar askok eta askok bat egingo dutela agian oraindik asko ezagutzen ez duten proiektu honekin. Aldarrikapenaren dimentsioa handitzea izanik aurtengo Euskal Jaiaren helburu nagusia eredu organizatiboaren dimentsioa ere handitu dugu, hainbat lantaldetan banaturik ikasle mordoa inplikatuz. Denon artean jarraian datorren egitaraua osatu dugu:
10:00 JAIAREN HASIERA
Mus txapelketa
11:00 Tailer ta erakustaldiak: grafitiak, malabareak, kapoeira, hip hop…
12:00 Mania
13:00 Euskal Dantzak
14:30 Bazkaria + Gartxot
17:00 Herri kirolak + Batukada
18:00 Kontzertua (Skatu)
18:30 Ekitaldia
19:00 – 19:30 Kontzertua
Honenbestez, Euskal Jaian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Ederki pasatzeaz gain, bultzada ederra emango diogu Euskal Herriari. Guztion artean Euskal Unibertsitatea eraikitzera goaz!!
Euskal Unibertsitatearen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero www.euskaleskola.org edo www.unibertsitatea.net web orrietan topatuko duzue.
GUK GEUREA, EUSKAL UNIBERTSITATEA!!!


