![]()
GORA IRUÑEA
AGIRIA
Iruñeko hiritarrok gure partehartzearen bitartez hiria egiten den leku ezberdinetan, gure tokia topatzen jakin dugu. Halaber, elkartasunean, sormenean, irudimenean, berdintasunean eta partehartzean oinarritutako mugimenduaren bidez auzo, kultur eta gizarte mugimenduetan nahiz mugimendu politikoetan topatu dugu egiazko Iruñea, topatu dugu herritarron Iruñea eraikitzeko bidea. Hain zuzen ere, Iruñeko herri mugimendua zerbaitek bereizten badu, hori bere partehartze eta naturaltasun izaera da, egun Iruñeko Udalan agintzen duten jende eta alderdiek ez dutena.
Egungo udal politikaren ezaugarrietariko bat hiritarrekiko inkomunikazioa eta desinformazioa da, eta izan da. Era berean, udal politika hau ongi definitzen duen beste ezaugarri bat Barcina alkatesak eta bere gobernu taldeak markatutako ildoetatik ateratako edozein mugimenduri erantzun polizial zein judizialekin ihardesteko joera da. Udal politika ez herritar honen adibide argia dugu, sormen, elkartasun eta hiri euskaldun baten alde lanean aritzen garen mugimenduek jasan beharreko trabak, inposaketak eta mugak. Hau da, gure lanarekin kalea pizten dugun bakoitzean, mamiz hustu nahi dituzten horiei ordaindu behar diegu. Saltoki handiek zein udal agintarien politikarekin bat datozen taldeek mota guztietako laguntza administratibo eta ekonomikoak jasotzen dituzten bitartean, Iruñeko herri mugimendua isilarazi eta ekonomikoki itotzen dute. Hauetako batzuk aipatzearren, gure lana festa herrikoi zein bestelako jarduera kultural gisa kalera atera nahi dugunean ordaindu beharreko seguru eta gehiegizko fidantza eta tasak dira. Eta oztopo hauek betetzea ezinezkoa zaigunean, udalaren erantzuna udaltzainen bidez ziztu bizian dator, bai, errepresioaren mesede eta hiritarron mesede ez dagoen udaltzaingoaren eskuetatik.
Trabak traba eta oztopoak oztopo, Iruñeko herri mugimendua gero eta indartsuago dagoela pozik eta harrotasunez aldarrika dezakegu. Gero eta jende gehiago dago administrazio honek egiten duen hiriaren kudeaketaz nekaturik, beraz, kolektibo, erakunde, talde, elkarte, auzo, batzorde, peña, kultur batzorde eta Iruñeko edozein batzorde herritarretan bere lan-konpromisoa adierazten du.
Horregatik, etengabe jasotzen ditugun erasoei aurre egiteko eta Iruñea hiriarentzat dauzkagun helburu eta proposamenak bideratzeko, GORA IRUÑEA plataforma sortu dugu. Gure kultura, hizkuntza, jaiak eta ohiturak lantzen dituzten talde, kolektibo edota pertsona guztiei irekia dagoen plataforma da; herrikoia, berdintasunean eta elkartasunean oinarritua dagoena. Hiru helburu nagusi nabarmentzen ditu:
- Auzo eta kale ezberdinetako jaien, eta hirian burutzen diren ekintza herrikoien antolakuntzan auzokideen partehartzea bultzatzea.
- Iruñeko herri mugimendua osatzen duten erakunde, talde, kolektibo, elkarte, batzorde, plataforma eta pertsona ororen funtzionamendua eta hauek antolatzen dituzten ekintzen garapena bermatzea.
- Gure jarduera eta ekitaldien kontra, administrazio eta instituzioek egindako erasoen aurrean, erantzun bateratua ematea.
GORA IRUÑEA plataformaren aburuz, jaiak, auzokideen arteko, zein bertako kolektibo ezberdinen harremanak sendotzeko toki paregabeak dira. Era berean, herri mugimenduek egiten duten lanaren erakusleiho paregabeak direla ere uste dugu. Bertako auzokideok gure auzoko jaietan partehartzea ezezik, Iruñeko gainontzeko auzokideena ere ezinbestekotzat jotzen dugu, auzo ezberdinetako harremanak sendo daitezen.
Honengatik guztiagatik, Iruñeko auzo ezberdinetako jaietan partehartzeko deia luzatzen dizuegu, Sanduzelaiko jaiekin hasi eta Etxabakoitzekoekin bukatzen direnak. Dela auzoko eta kale ezberdinetako jaien datak, dela GORA IRUÑEAk dituen helburuekin bat datozen bestelako talde kulturalek antolatzen dituzten jai eta kultura jarduerak gogorarazteko, herri agenda argitaratu dugu. Honetaz gain, GORA IRUÑEA plataformak blog-a sortu duela gaineratu nahi dugu: www.gorairunea.wordpress.com. Bertan, Iruñeko jai ezberdinen egitarauei buruzko informazio zehatzagoaren berri topa dezakezue. Eta bukatzeko, gurekin harremanetan jartzeko gorairunea@hotmail.com helbide elektronikoa ireki dugula jakinarazten dizuegu.
Iruñeko auzoetako herri jaiez gozatzeko deia egiten dizuegu.
Gora auzo jaiak!!!Gora Iruñeko jai herrikoiak!!
GORA IRUÑEA!!!